-Lehenik eta behin. Nola duzu kolpea? Eta nola joan zen lasterketa?
Nahiko ondo. Kolpea handia izan zen, baina tira… Aldapa behera nindoala erori nintzen eta handik aurrera minez joan nintzen. Ea segituan osatu eta berriro ere gerrarako jartzen garen (barrez). Lasterketa berriz, 20. Kilometrorarte gordetzen joan nintzen, banekien eta lasterketa luzea izango zela.
-Nola joan da negua?
Azkar, denbora ziztu batean pasatzen da! Badirudi atzo egon ginela Hong Kongen (Txina) eta jada 2016ko denboraldia hasi zaigu.
-Aurten ez zaitugu mendiko eskian asko ikusi. Zer egiten egon zara?
Nahiz eta ziurrenik dagoen kirol politena den, eskiak estres asko sortzen dit, eguraldiaren oso menpekoa baita. Gainera, lasterketak baino askoz gustagarriagoa dut mendira joatea. Dozena bat egun eskiatu dut aurten. Indar ariketa batzuk ere egin ditut, ea nabari den.
-Denboraldian estreinekoz izan zinen Beasainen, Garineko lasterketan. Zer nolako sentsazioak izan zenituen lehen lasterketa hartan?
Estreinua baino, entrenoa izan zen. Larunbat arratsaldean 2 ordu pasako entrenamendua egin nuen, eta igandean entrenamendu motza nuela eta, Garinera (Beasain, Gipuzkoa) joan nintzen etxetik gertu dudalako. Benetako estrenoa Alto Silen (Leon) egin dut. Maila handiko lasterketa izan da aurtengoa ere.
-2016ko egutegian hamasei lasterketa programatu dituzu. Ez al dira gehiegi?
(Barreak) Beste urtetan baina gutxiago ! Okerrena, uztaila eta irailean lasterketak oso jarraian direla, ea nola moldatzen naizen. Saioak (masailaria eta bikotea) lan franko egin beharko du. Dena den, beste korrikalariekin alderatuz, gutxitan lehiatzen dudala esango nuke. Nahiago lasterketa onak eta gutxi.
-Aurten inoiz baino lasterketa luzeagoak egingo dituzu. Zer dela eta?
Kilometroei dagokionez luzeagoak egindakoa naiz, Madeirako ultra esaterako (60 km). Hori bai, Kima (Italia, 52 kilometro eta 4200 metroko desnibel positiboa) izango da ziurrenik denborari dagokionez nere bizitzako lasterketa luzeena. Ea bizirik amaitzen dugun (barreak)!
-Ikusiko al zaitugu ultraren batean?
Ez. Ultrak egingo banitu ondo egiteko izango lirateke, eta lanagatik, eta batez ere familiari kendu beharko niokeen denborarengatik, erabat baztertuta ditut. Korri egitea baina gauza garrantzitsuagoak baditut!
-Zer nolako esperientzia izan zen Madeirako (Portugal) ultrarena?
Oso ona. Lasterketa ez zen oso ondo atera, despistatu eta egundoko txakalaldia hartu nuen. Dena den, irla aparta da, mendian korri egiteko paradisua.
-Eta lasterketa bertikalak. Alde batera utziak al dituzu?
Baietz esango nuke. Asko gustatzen zaizkit, baina munduko kopakoetan “especialista” ugari dago, eta beraz, lasterketa nagusirako sortuko lidakeen nekeak ez lidake konpentsatuko. Bertikal bat lehiatzeko bidai luze bat egiteak ere ez dit grazirik egiten. Euskal Herrikoetan berriz, nahiago egun horietan entrenatu edo deskantsatu.
-Zegama-Aizkorri izango al da aurtengo helburu nagusia?
Dudarik gabe. Zaila izango da bai denbora, eta baita postua hobetzea ere. Aurtengoa itxuraz, historiako onena izan bait daiteke: Kilian Jornet, Luis Alberto Hernando, Remmy Bonnet, Tadei Piuk…. Errekorra baietz !
-Euskal Herriko txapelketa ere lehiatzeko asmoa duzu?
Asmoa badut, baina dena ondo badoa, bi aste lehenago Kima (Italia) egingo dut eta astebete lehenago The Rut (AEB), beraz nahiko lan. Polita litzateke hirugarrengoz jarraian txapeldun izatea. Nahiz eta azken hiru txapelketetan lehen euskalduna izan naizen, bi txapel dira nereak.
-Munduko Koparako zein izango da zure helburua?
Beti bezala gozatzea. Ikaragarri gozatzen dut lasterketa horietan. Korrikalarien maila, ibilbideak, eta gainera bidaiatzeko aukera ematen dit. Selekziokideekin ederki pasatzen dut.
-Podiumean amaitzeko aukera nola ikusten duzu?
Oso zaila. Nire amaierako postua, kopa nork lehiatzen duenaren araberakoa izaten da. Gainera, askotan esaten dudan bezala, ni korrikalari tristea naiz, beti aurrera xamar, baina sekula ez aurrena eta horrela oso zaila da podiuma egitea. Esaterako, pasa den urtean hirugarren egin zuenak Zermatten (Suitza) bakarrik egin zuen nere aurretik, baina irabazi.
-Nola ikusten duzu Euskal Selekzioa?
Egia esan, hankamotz. Hautatzaileek eta korrikalariek zein asmo dituzten ez dakit oraindik. Nigan konfidantza dutela bai, baina jende gehiago behar dugula esango nuke. Azken urteetan lesioak, arazo pertsonalak tarteko, nahiko justu ibili gara. Batez ere jende gaztea behar dugu! Dena den, oraingoz Unai Oria bakarrik ikusten dut mailan. Ea sorpresaren bat azaltzen den.
MENDIAZ HARATAGO…
-Jaki bat? Pasta edozein modutara
-Edari bat? Garagardoa dudarik gabe!
-Liburu bat? Ken Folleteten azken trilogia
-Filma bat? Braveheart
-Oporretarako leku bat? Alpeak, baina Zelanda Berria eta Coloradora iristeko ametsa badut.
-Nor miresten dezu? Zaila da azaltzen, bizitzaz gozaten duen oro, baina ez “bibidoreak”
-Mendia ala hondartza? Mendia, hondartzan ordubetean aspertuta nago.