Berdin dio kilometro bertikala, maratoi-erdia edo maratoia izan. Berdin dio eguzkitan, elurretan edo euriaren azpian korrika ibili. Gutxienekoa da distantzia edo eguraldia berarentzat. Ez du nolanahikoan Oihana Azkorbebeitiak (1981, Abadiño, Bizkaia) 2018ko lehen urte erdia ahaztuko. Ezta iazko urtea ere. Bigarren aldiz ama izan eta gutxira ekin zion berriz ere mendi lasterketei, eta azkar batean konturatu ginen ez zitzaiola korrika egitetik ahaztu. Garaipenez jositako urtea izan zuen Azkorbebeitiak 2017koa eta aurtengoan ere bide beretik doa. Jokatu dituen lasterketa guztiak (11) irabazi ditu, tartean, Euskal Herriko Lineako Txapelketa eta Espainiako Bertikalen Txapelketa.

ZEGAMAN ERE SORPRESARAKO PREST.

Igandean jokatuko du bere hamaikagarren Zegama-Aizkorri lasterketa, aurtengoan ere Munduko Kopan izango den lasterketa. Iaz lortu zuen denbora (4:47,38) bikaina jaistea izango du helburu nagusi, eta horretan saiatuko da buru-belarri. Daraman denboraldia kontutan hartuta, askorentzat podiumerako hautagai nagusia da bizkaitarra. Baina ez du lan erraza izango hori lortzeko Euskal Selekzioko kideak. Mundu mailako korrikalaririk onenak izango baititu aurrean, esaterako, Maite Maiora (iazko irabazlea), Silvia Rampazzo eta Sheila Aviles (2. eta 3. iaz) edo Emelie Forsberg (2013an irabazle).  Sasoiko dago eta jakitun da bere onena emanez gero, edonorekin lehian ibiltzeko moduan dela. Zorte on!