“Munduaren azken muturreko” konfinamendu baten oroitzapenak
Itxialdi-aste hauek dagoeneko luze egiten ari dira, egun asko lau hormen artean, etxetik lan egiten (hori egiten jarraitu ahal izan dut, nire kasuan) eta ahalik eta hobekien eramaten kontu guzti hau. Hala ere, gero eta gehiago dira ziurgabetasun askodun etorkizun batetara egokitzen hasteko gogoak, geure burua eta ingurukoekin topo egiteko nahiak eta, jakina, mendien askatasunaz gozatzeko desioak. Zientzialari gisa, nahiago dut ziurgabetasun-mundu batean pixkanaka funtzionatzen hasi geldirik egon baino, pixkanaka gastatuz.
Konfinamenduko zazpi aste luze dira, eta azken urteetan egindako espedizio zientifiko batzuetan bizitako hainbat egoera gogora ekartzeko denbora ere izan dut; zorionez, konfinamendu hau askoz hobeto jasaten lagundu didate. Patagoniako eta Suaren Lurraldeko fiordoen eta mendien labirinto korapilatsuan zehar egindako espedizio (eta miseria) ugarien gainean idatz nezake, edo joan den urteko neguan Svalbarden zientzia-lanak -35 ºC-an egiteak sortutako “erosotasun” erlatiboaren gainean. Hala ere, gaur, Suaren Lurraldeko uharte urrunenetako batera joatea proposatu nahi dizuet, Hornos lurmutur ezagunetik oso gertu, baina soilike XVI. mendetik XX. mendearen hasierara arte itsaso haietan nabigatu zuten esploratzaile gutxi batzuek baino ez zuren bisitatu. Seguru asko, yagan indiarrak ere ez ziren bizi izan Lucas Bridgesek bere liburuan hain ondo deskribatzen duen “Lurraren azken mutur” horretan.
2014aren amaieran jaso nuen mezu batekin hasi zen dena: “Eñaut, zientzialari britainiarren espedizio batek laguntzaile bat behar du Hermite uhartean egin nahi duten ikerketarako? 7 aste dira eta erabat isolatuta egongo zarete, 2015eko otsaila eta martxoa bitartean. Animatzen zara?”. Hilabete batzuk baziren ez nuela hain mezu erakargarririk jasotzen; urruneko irla bat, non zegoen ere ez nekiena; zazpi asteko entrenamendua eta esperientzia Antartikako zientziaren crème de la crème-arekin (British Antarctic Surveyko ikertzaileak), eta erabat isolatuta zibilizazio guztietatik, mendebaldeko haize indartsuen (westerlies ospetsuak) menpe, azken hauek oso ohikoak Hego Amerikako hego muturrean eta Drake pasartean.
Nire erantzuna berehala iritsi zen: “Noski, nirekin konta dezatela”. Hala, 2015eko otsailaren erdialdean Magallaes itsasartearen hegoaldean nabigatzen nengoen Hermite uhartearen mendebaldeko muturrera iristeko. Zer bilatzen genuen han? Bada, funtsean, eskualde horretako ohiko tonika dena, haizea. Espedizio hartako lankideen helburua haize bizi horiek garai glaziarren artean (aldi hotzak, Lurraren azaleraren heren bat glaziarrez estalita dutenak) eta garai interglaziarren artean (garai epelak, egungoa bezela, azaleraren hamarrena glaziarrez estalita) nola jariatu diren ulertzea zen. Horretarako, ur-laginak eta aintziretako sedimentuen laginak lortzen aritu ginen. Izan ere, aintzira horiek haize zakar horien eraginaren menpe daude, eta beste azterketa batzuekin batera, iraganean haize-gerriko horren intentsitatea eta kokapena nola aldatu den jakitea zen helburu nagusia. Horrela, iraganeko klima-aldaketei buruz dugun ezagutza hobetuko dugu, eta etorkizunean gerta daitekeenari ziurtasun handiagoz erreparatuko diogu.
Egindako lanetatik haratago, “konfinamendu” hartako zazpi aste haiek ez ziren kontu erraza izan. Asteroko dieta berdina zen aste batetik bestera, britainiar esploratzaile klasikoek erabiltzen zituzten errazionamendu-kutxa tipikoak genituen, baina egungo janari liofilizatu, txokolate eta kaloria-errendimendu handiko janari modernoekin eguneratuta zeuden. Aste gutxiren buruan hasi ginen kutxa haietako janaz aspertzen, eta Punta Arenasera itzultzean espero genuen arkume magallanikoarekin hasi ginen amesten. Era berean, uharte haizetsu hartan egon ginenean, Robert F. Scottek Hego Poloaren bila joan zenean patentatutako denda sendoen erresistentziaren beldur ere izan ginen, 160 km/h baino gehiagoko haize bortitzek (horretara joan ginen, ezta?) belan izan gintuzten hainbat gauez. Azken batean, gure ahalmenaren gorabeherak izan ziren, batez ere arlo psikologikoan, esperientzia luze baina aberasgarri hura ahalik eta ondoen jasan ahal izateko.
Espero dezagun, behintzat, orain artekoak baino konplexuagoa, sakonagoa eta globalagoa den “esperientzia” berri honek irauten duen bitartean, gure planetako azken muturrekin amets egiten jarraitu ahal izatea.
… kondorren ondoan hegan egin ahal izateko.
Lee la versión en castellano aquí.