Mendi Lasterketen 2018 Munduko Kopan Euskal Selekzioaren emaitza
Oihana Azkorbebeitia abadioñarra, eta Ander Iñarra lezoarra izan dira 2018 denboraldiko Euskal Selekzioko ordezkaririk onenak mendi lasterketetako Munduko Kopan. Azkorbebeitiak, 6. postuan amaitu du, Holly Page ingelesak azken lasterketan menderatu duen Kopan. Iñarrak berriz, 10. postuan eman dio amaiera Kopari. Gizonezkoetan onena, Pascal Egli suitzarra izan da.
Larunbatean amaitu zen Italian, Limone Sul Garda herrian, mendi lasterketetako Munduko Kopa. Sky mailan izan dira aurten ere, TERNUAren laguntzarekin lehian ibiltzen diren Euskal Selekzioko kideak. Denboraldi-aurrean izendatu zuten taldetik, Azkorbebitia izan da lehian gehien ikusi duguna. Ez Jokin Lizeaga, ez Imanol Goñi, eta ezta Hassan Ait Chaou ere, ez dira lehiatzeko moduan izan arazo ezberdinak tarteko.
Aipatu bezala, Oihana Azkorbebitia izan da aurten ere mailarik handiena eman duena. Abadiñoko korrikalariak argi utzi du aurten ere munduko onenekin lehian ibiltzeko ez duela inongo arazorik. Hamar lasterketetatik, bostetan hartu du parte, eta denetan lehen hamarren artean sailkatzea lortu du. Bere posturik onena, Barrueran (Herrialde Katalanak) lortu zuen Buff Epic lasterketan, bigarren postu bikain batean sartu ondoren. Denera, 278 puntu lortu ditu, Holly Page irabazleak 462 lortu dituen bitartean. Azkorbebeitiaz gain, Nahia Quincocesen eta Mayi Mujikaren lana ere azpimarratzeakoa izan da, heuren estreinaldian, 12. eta 17. postuan amaitzea lortu baitute.
Gizonezkoetan, Ander Iñarrak egin duen papera izan da denetan aipagarriena. Sei lasterketetan hartu du parte lezoarrak, eta denetan izan da aurreneko hogeien artean. Bere posturik onena, Matterhorn Ultraks (Suitza) lasterketan lortutako laugarrena izan zen. Honetaz gain, Buff Epic Trailen bosgarren, eta Livigno Sky Marathonen (Italia) seigarren izatea lortu zuen. Lortutako 219 puntuekin 10. postuan amaitzea lortu du. Aurretik, sailkapen nagusian, izen handi asko izan ditu Iñarrak, besteak beste, Pascal Egli suitzarra, Stian Angermund norvegiarra, Remmi Bonnet suitzarra (Zegama-Aizkorriko irabazlea 2018an) edo Kilian Jornet bera. Beste euskal ordezkariak hurrenez-hurren, Beñat Katarain (26. postuan), Asier Alonso (75. postuan), Julen Mtnz. de Estibariz (85. postua) edo Iban Letamendi (108. postua) izan dira. Esan bezala, hurrengo urtearen zain gelditzen dira Euskal Selekzioko korrikalari eta hautatzaileak.