Mendi eskiko euskal selekzioko neskak prest dira denboraldiari aurre egiteko
Orain artean mendi eskiko emakumeen euskal selekzioak izan duen talderik onena, jada abian da 2018-2019ari aurre egiteko. Denboraldia hasteko egun gutxi falta dira, eta hautatutako lau emakumeak, buru-belarri dihardute denboraldi-aurrearekin. Lau izen handi lehiatuko dira Ternuak babesten duen euskal selekzioaren izenean: Nahia Quincoces, Lide Leibar, Igone Campos eta Maite Maiora. Lehen lasterketa jokatu aurretik, heuren asmoei buruz hitz egiten egon gara haiekin.
Nahia Quincoces (Mendexa, Bizkaia, 1983): “Tignesen ( Frantzia, Alpeak) izan naiz denboraldi-aurrea prestatzen. Helburua nagusia, argi daukat; Munduko Kopako proba guztiak egitea. Martxoan, Mundiala izango da Suitzan eta han egotea ere, ezinbeztekoa da. Euskal Herriko, Karolo-Bandres eta Causiat ere jokatu nahi nituzke. Denboraldia bi proba hauek jokatuz amaitu nahiko nuke; Adamello (Italia, Alpeak) eta Mezzalama (Italia, Alpeak)”.
Lide Leibar (Oiartzun, Gipuzkoa, 1993): “Abendua, urtarrila, eta otsaila, Sallent de Gallegon (Aragoi, Espainia) igaroko ditut. Goizetan eskiatzen ibili nahi dut, eta arratsaldeak ikasteko probestuko ditut. Asteburuetan, lasterketak egiteko aukera badut, bertara mugituko naiz. Euskal Selekzioan jarraituko dut, eta oso gogotsu nago. Abenduaren erdialdean lehen lasterketekin hasiko gara, eta urtarrilean Causiat Xtreme (Candanchu, Aragoi, Espainia) jokatuko dut. Otsailean, Boi Taullen (Pirinio Katalanak) Espainiako txapelketa jokatuko dugu, eta nire saiakera bakarkakoan egin nahi dut. Bandres-Karolon ere egon nahi dut, baita Andres de Regilen ere. Altitoyren faltan, ez dakit zer beste lasterketa egingo ditudan”.
Igone Campos (Zumarraga, Gipuzkoa, 1991): “Aurten bereziki mendi eskiko denboraldia ondo prestatu nahi izan dut. Horretarako, lana utzi, eta eliteko lasterketarien antzera, Tignesera etorri naiz denboraldi-aurrea prestatzeko asmoz. Ondoren, Pirinioetan biziko naiz neguan zehar, ahalik eta egun gehien elurretik hurbil egon, eta hankak prest izateko. Gauzak horrela, Espainiako zein Euskal Herriko txapelketetan eta Kopan, ahalik eta maila altuena ematea da nire helburua, eta tartean, Grande Courseko lasterketaren bat egitea, esate baterako, Adamello edo Pierra Menta (Frantzia, alpeak)”.
Maite Maiora (Mendaro, Gipuzkoa, 1980): “Oraindik ez dakit ziur zer lehiatuko dudan. Lanarekin ez dakit nola moldatuko naizen, baina hasiera batean, Euskal Herriko eta Espainiako Kopa eta Txapelketa lehiatzea da helburu nagusiena. Frantzian ere lasterketa pare bat egitea gustatuko litzaidake. Denboraldia motza izaten da, eta martxoan jada mendiko lasterketetan murgilduko naiz. Denboraldi-aurrean, rolleskiekin nabil etxe inguruan. Dagoeneko badakit zer den erorketa bat izatea (barrez)”.