“Oso errez hiltzeko aukera paregabeekin ibiltzen gara jokoan.”
Fisioari bisita egin ondoren, Hernaniko Ibaimendi kirol dendan egin dugu hitzordua Jokin Lizeagarekin (Urnieta, Gipuzkoa, 1979). Umoretsu eta aurpegi onarekin egin digu harrera. Apirilean izandako istripuaren kalte-ordainak ordaintzen ari da oraindik ere, eta bere egoeraren berri jakin nahi izan dugu. Esperantzara kondenatua dago.
-Egunon Jokin. Dagoeneko bi hilabete ete erdi igaro dira Cabraleseko (Asturias, Espainia) mendi lasterketan istripua izan zenuenetik. Nola zaude?
Lehenengo hilabetea ona izan zen, ustez oso ona. Mina nuen, baina kalera irtetzearekin pozik nengoen. Geroztik, baxuago nabil, bai animikoki eta baita oinazeak ateratzen ari direlako. Sorbaldaren hebakuntza sahiestea lortu dut, baina oraindik errehabilitazioan jarraitu behar dut beste bi hilabetetan. Horkatilak ere zaintza eskatzen dit, eta kartilagoa ere ukituta dut. Hala ere, orain dudan gauzik okerrena bizkar hezurreko mina da. Eguna amaitzerako oso nekatuta bukatzen dut.
-Korrika ere saiakeraren bat egina omen duzu.
Bai, pare bat aldiz irten nintzen errepidean. Horkatilak mendian mina ematen dit, baina errepidean ez. Azken hamabost egunetan berriro ere geldirik egotea tokatu zait.
-Zer izan da geldialdi luze onen okerrena?
Ez dakit, agian azken egun hauek. Bizkar hezurraren arazo hauekin geldirik egon beharra. Lehen bi hilabetetan, minak egunetik egunera gutxiagotzen zihoazen heinean esperantza areagotzen zihoan, eta horrek pozik mantentzen ninduen. Azken geldialdi honek berriz, kezkak areagotu dizkit. Asko izango ez denaren esperantzarekin jarraitzen dut.
-Errekuperazio fasea nolakoa izaten ari da?
Astean hirutan errehabilitaziora joaten naiz, beste egun batean osteopatarena, eta hamabostetik behin beste fisio batek ikusten nau, medikua ere bai… Batetik plakak, bestetik erresonantziak, gero emaitzak… Egunero badut zerbait. Irailera arte horrela jarraitu beharko dugu.
-Asko bota al duzu faltan mendian korrika ez ibiltzea?
Egia esan ez, ez dit gehiegi sufriarazten. Korrika egitea gustatzen zait, geldirik egonda gizendu egiten naizelako bestela (barreak). Deskonektatu xamar egon naiz, nik ere nahiko buruhauste banuelako. Baina jendearen entrenamenduekin jarraitu dut, eta sailakpenen bati ere begiradatxoa bota diot. Zegaman eta Zumaian ere egon nintzen telebistarako lanean.
“Itzuliko naiz, ziur, baina urtea joango zait errekuperatu aurretik”
-Zer ikasi duzu bi hilabete eta erdi hauetan?
Oso errez hiltzeko aukera paregabeekin ibiltzen garela jokoan. Lehen ez nintzen hain kozientea. Edozein entrenamenduetan ere bizitza galtzeko arriskuan ibiltzen garela pentsatzera eraman nau, eta segurtasuna hobetu beharko nukeela ere pentsatu dut. Esaterako, mugikorrarekin atera entrenatzera, manta termikoa eraman…
-Beldurra hartu al diozu korrika egiteari?
Ez dakit zer esan, baina ziurrenik bai. Oraindik ez dakit elur gainean ibiltzeko gai izango naizen, hala ere beldur hau gainditzeko esperantza badut. Zalantza asko sortu zaizkit azkenaldian.
-Askotan izan al dituzu amesgaiztoak?
Ez ez, lehen astean izan nuen zerbait, behin eta berriro erortzen nintzela, baina ez dut ezer berezirik izan. Hori bai, askotan esnatzen naiz gauetan, oso gaizki ari naiz lo egiten. Gaur ere goizeko lauetan esnatu eta ez dut berriro lo hartu. Ordu pare bat lo egin, berriro esnatu, berriro lo hartu…
-Askok egingo zizuten galdera da baina, berriro ere ikusiko al zaitugu mendian korrika?
Bai bai. Zer pentsatu eman dit guzti honek, baina korrika egiteak, mendiak, kirolak, dena eman dit. Ikasi ere, honetan ibiltzeko ikasi nuen. Lasterketek ere ez didate ezer kentzen, eta lehiak gozarazten nau oraindik ere. Azken lau urteak gogorrak izan dira, eta ezin izan dut hiru hilabete jarraian ibili. Itzuliko naiz, ziur, baina urtea joango zaidala ikusten dut.