Inor ez doa bakarrik Zegama-Aizkorrin.
Aurreko egunetan izandako euriteek sortutako hezetasuna eta lokatza, ez ziren oztopo izan ikusleentzat, beste urtebetez, bai Aratzeko, bai Sancti Spirituko edo Aizkorriko malda gogorretan lasterkarien zain egoteko. Berdin zion munduko korrikalari onena den Kilian Jornet kataluniarra irteeran ez egotea. Berak orain urte batzuk esan zuen moduan, Zegamak Zegama izaten jarraituko du.
Goizeko lehen ordutik, korrikalariak pilatzen joan ziren irteerako arkuaren azpian. Askok, betirako gordeko duten argazkia zuten eskari bakarra. Lasterketa handi baten usaia nabari zen Zegamako plazan. Irteera eman orduko, azken garaipenerako faboritoen artean zeuden korrikalarien multzoa nabarmena zen. Otzaurterako bidean, taldean joan ziren, jakitun, aurtengoa ez zela errekorra egiteko urtea izango. Handik aurrera hasi zen festa. Aratzeko magalean, Remí Bonnet suitzarrak, denak errenkan jarri zituen. Indartsu zegoela ostiralean ere erakutsi zuen, kilometro bertikala irabazi eta gero. Aratzeko gailurretik (16. kilometroa) bi minutuko abantailarekin igaro zen. Stian Angermund norvegiarra, iazko irabazlea, agertzeko zegoen oraindik, baita Marc lauenstein, Aritz Egea edo Ruy Ueda ere. Ez zien aukerarik eman Bonnetek. Sanct Spiritutik igarotzean, nahiko argi gelditu zen garaipenak ez ziola alde egingo. Handik aurrera, lortutako abantaila kudeatzea besterik ez zitzaion gelditzen. Suitzarrak, 3:53,56ko denborarekin jantzi zuen txapela. Angermundek azken kilometroetan egindako erritmo igoerak ez zion irabazlearengana iristeko nahikoa eman eta bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen helmugan. Podiumeko hirugarren postua, Bartlomiej Przedwojewski poloniarrak eskuratu zuen, irabazlearengandik ia hiru minutura sartu eta gero. Euskaldunen artean, aipatzekoa Aritz Egeak lorturiko zortzigarren postua (4:05,14) eta euskal selekzioko Ander Iñarraren hamazazpigarrena (4:14,06).
Emakumeen artean, ezustekoa izan genuen lasterketaren erdia jokatu aurretik. Iazko irabazleak, Maite Maiora mendaroarrak, Sancti Spiritun lasterketa bertan behera uztea erabaki zuen. Ezinean aritu zen lasterketa hasieratik, eta kilometro askotan asko sufritu eta gero etxerako bidea hartu zuen. Lasterketaren irabazle izateko hautagaitza irekia zegoen, baina Aizkorriko gainetik igarotzean, bi izenen artean zegoen lehia nagusia: Ida Nilsson suediarra eta Laura Orgué kataluniarraren artean jokatuko zuten garaipena. Azken jeitsiera hasi aurretik, Nilsson jarri zen lasterketa buru eta ez zion aukerarik eman helmugararte Orguéri. Helmugan, Nilssonen denbora 4:38,38koa izan zen, Orgué izan zen bigarren eta hirugarren Zelanda Berriko Ruth Croft izan zen 4:48,41eko denborarekin. Euskaldunen artean emakumerik azkarrena euskal selekzioko Oihana Azkorbebeitia izan zen. Lasterketa bikaina burutu zuen abadiñoarrak eta munduko onenekin lehian ibiltzeko prest dagoela erakutsi zuen. Helmugan, seigarren izan zen 4:57,19ko denborarekin. Beste behin, Zegama-Aizkorrik berea egin zuen, eta lasterkarien artean nabaria zen poza. Lehen esan bezala, Zegaman ez da inor bakarrik ibiltzen.