Gure friend, Alberto Iñurrategi, alpinistaren, artikulu bat.

Este articulo también está disponible en Castellano.

Harritu egin nau jendea harritzeak. “Hori jendetza Everesten!”, dio batek eta besteak asaldaturik, munduko tontorraren inguruetan inurri-ilarak ikusita. Aspaldikoak dira, ordea, jende oldeak soka finkoetan gora Everesteko maldetan. 1996ko udaberrian, duela 23 urte, 15 mendizalek galdu zuten bizia Everesten, eta ordurako puri-purian ziren espedizio komertzialak, eta orain adina ez, baina jendetza zebilen munduko tontor altuenean.

Behin baino gehiagotan etorri zait burura urrearen sukarra lehertu zen garaian Yukonera (Alaska) oldeka jo zuten urre bilatzaileen argazki ezagun hura: jendea ilara luzean, Chilkoot Pass lepora bidean, malda elurtu eta tentean. Gaur egun, Everesteko maldetan oso antzeko irudiak ikusten dira urtero. Urrearen sukarraldi hartan, arriskuak arrisku, aberastasun egarriz menturatu zen jendetza Kanadako ipar-mendebaldeko lurralde basati haietara. Gaur egun, Everestera menturatzen denak, ez du aberasteko premiarik (batez beste, 50.000 euro ordainduta joan da hara), ahalik eta arrisku gutxien hartzen du (soka finkoa gailurreraino, sherpen laguntza, oxigenoa nahiko behetik…), baina… hauxe da niri sortzen zaidan galdera: zer urre bilatzen du gaur egun jendeak han goian? Zer sukarraldik bizi gaitu?

Chilkoot_pass

Ados egon gaitezke mendiko turistak direla asko, kontsumo-objektu bihurtu dela Everest, norberaren gaitasunak mendiaren neurrira goratu beharrean mendia beheratzen dugula norberaren ezinetara (soka, oxigeno, sherpa eta abarrak makulu), goi-mendiko safarietan piezarik desiratuena dela Everest tontorreko argazkia. Ados. Beren bizitzako kapritxoa edo erronka izan daiteke Everest askorentzat, baina haiek baino eskubide gehiago al dugu besteok mendira joateko? Nepaleko gobernuari baimenak mugatu ditzala eskatu behar al diogu? Igo nahi duenari gutxieneko esperientzia exijitu behar al zaio? Oxigeno artifiziala debekatu behar al da? Aspaldiko egia da inoren etxea konpontzen hasterako norberarena konpondu behar dela, eta, urrutira gabe, Alpeetan, adibidez, bada zer konpondurik.

“Zer jendetza Everesten!” dio jendeak, asaldaturik. Baina modu berean esan dezakegu zer jendetza Behobian! Zer jendetza Quebrantahuesos lasterketan! Zer jendetza Aizkorriko maratoirako izena ematen duten milaka korrikalarien artean! Zer jende pila New Yorkeko maratoian! Hori jende oldea Sanferminetako entzierroetan… Norberak erabakitzen du bere buruari zer erronka jarri, bakoitzak daki zerk gogobetetzen duen eta zertarako prest dagoen erronka hori betetzeko, kanpotik inori mugak jartzen hasi gabe. Ezin hasiko gara Kilian ez beste lurtarrei Aizkorriko maratoian parte hartzea galarazten, mendiko maratoietan esperientziarik ez dutelako, edo Quebrantahuesos proba osatzeko Haimar Zubeldia baino hiruzpalau ordu gehiago behar dutenei gutxieneko batzuk eskatzen. Edo entzierroan atera nahi dutenei zezenaren aurrean ibilbide bat edukitzea exijitzen.

Jendetzak jendea erakartzen du, Txernobil turismorako jomuga bihurtu omen da Netflixek eskaintzen duen serie baten eraginez, Gaztelugatxe eta Itzurun gainezka daude Game of Thrones seriea dela-eta, “txantxingorri” eske joaten da bisitari asko Elizondora, Dolores Redondoren Baztango trilogiaren ondotik… Jendetza horrek badu alde on bat ere: lekurik gehientsuenetan ez dabil inor. 2009ko udazkenean,, Everesten bertan, ipar aurpegiko Hornbein korridoretik saiatu ginenean, bakar-bakarrik ginen kanpaleku nagusian.

everest1

Baina hasierako galderara itzulita, zerk bultzatzen du gaur egun jendea soka finkoei loturik ilaran Everest igotzera? Pasioak, zaletasunak, esperientzia intimoaz gozatzeak… menturaz? Ala gailurreko argazkia Instagramera eta bestelako sare sozialetara igo eta besteen onarpena, txaloa, eta ahalik eta “like” gehien biltzeak… beharbada? Pasioaren eta errekonozimendu premiaren arteko nahasketak, agian? Sartrek esana da gertaerarik hutsalena abentura bihurtzeko aski dela norbera kontatzen hastea. Gehituko nuke, bizitzea baino bizitakoa kontatzea eta erakustea garrantzitsuagoak bihurtu zaizkigula. Arrautza frijitu pareaz gozatzen ari garela sarean harro partekatzen dugun honetan, zenbat harroago ez dugu, bada, partekatuko entzierroko argazkia zezenaren aurrean, edo ez dakit zer probatako helmugako argazkia seme-alabak eskutik ditugula, edo Everest tontorreko argazkia mundu guztia oinpean dugula. Sukarraldi horrek erasanda bizi ote gara? Eta ez ote da bihurtu Everest gizarte eredu baten gailurra eta erakusleiho gorena?