Hizki larriz azpimarratua zuen mendi lasterketetako Euskal Selekzioak ekainaren 10a bere egutegian. 2018ko helburuetako bat zen Borriolen (Castellon, Espainia) jokatuko zen Espainiako txapelketa, eta beste behin agerian utzi zuen oso sasoiko dagoela. Euskal Selekzioko bi kide, Aritz Egea gizonezkoetan eta Sandra Sevillano emakumezkoetan, izan ziren txapeldun. Taldeka ere, bi mailatan nagusitu ziren.

 Egearen nagusitasuna

Faborito argia zen irteeran. Begi guztiak beregan ipiniak zituen jendeak, eta irteera eman orduko bere betiko estiloan, denak errenkan jarri zituen. Ez zen nolanahiko lasterketa aurretik zutena. Ibilbideak (42 kilometro eta 2550 desnibel positiboa), Egeari bere gaitasunak agerian uzteko aukera paregabea eskeintzen zion, eta gehienetan bezala ez zuen hutsik egin. Nagusitasunez eutsi zion lehen postuari amaierararte. Helmugan, 3:59,33 denbora behar izan zuen. Atzetik, Miguel Caballero (4:04,02) izan zuen hurrenez hurren, eta podiuma, Euskal Selekzioko beste kide batek, Julen Martinez de Estibarizek (4:09,34) osatu zuen. Aipatzekoak ere, Iker Oliveriren 8. postua eta Asier Larruzearen 23. postua. Lau denborak kontutan hartuta, taldeka ere, euskaldunak izan ziren lehenak txapelketan.

 Sandra Sevillanoren ezustekoa

Azken bi urteetan kili-kolo ibili da, baina ez du aurreko urteetan erakutsia zuen maila asko galdu. Ez zen bere izena lasterketa irabazteko hautagaien artean, baina behin lehen postua hartu zuenean, ez zion inorri aukerarik eman Sandra Sevillanok. 35. kilometrorarte itxaron behar izan zuen lehen postuan jartzeko, aurretik, Mercedes Pila izan bait zuen lidergoan. Helmugan ordea, bizkaitarra izan zen lehena. Sevillanok, 4:57,33 behar izan zituen ibilbidea osatzeko. Jarraian heldu ziren, Mercedes Pila (5:02,43) eta Laia Cañes (5:03,31). Gizonezkoetan bezala, taldeka ere lehen postua lortu zuen Euskal Selekzioak emakumeetan ere, kontutan hartuta Nahia Quincocesen 5. postua, Mayi Mujikaren 7.a, eta Laida Elizegiren 16.a.

 Irati Zubizarretaren freskotasuna garaile

Etorkizuneko neska izan daiteke zalantzarik gabe Irati Zubizarreta. Junior mailan aurkaririk gabe gelditzen ari da beasaindarra, eta igandean ere, berea egin zuen Borriolen. 21 kilometroko ibilbidean, bera izan zen nagusi, eta hurrengo urteetan oso kontutan hartu beharreko lasterkaria izango dela erakutsi zuen.