2018ko mendi lasterketetako Euskal Selekzioa abian da. TERNUAren babesean ibiltzen den selekzioak, Malagan, Trail Cara los Tajos lasterketan eman zien hasiera bertako kideek martxoaren 25ean Espainiako Kopari, eta Jerten (Extremadura) izan zuen jarraipena apirilaren 15ean. Egutegi ofiziala martxan dago beraz. Urtean zehar selekzioan eta zirkuitu ezberdinetan izango diren lasterkarien zerrendak ere argitaratu dituzte, eta esan dezakegu esperientzia eta gaztetasuna uztartu dituztela aurtengorako Eneko Aliende eta Iban Letamendi hautatzaileak. Aurrerago, Munduko Kopan eta Munduko ultra txapelketan izango diren korrikalarien berri eman dizuegu. Gaur, Espainiako Kopan parte hartzen izango ditugun korrikalariak ezagutzeko denbora da.

IBAN LETAMENDI: Azken bi urteak ez dira oso onak izan oñatiarrarentzat. Lesioek ez diote bere onena ematen utzi. Aurtengorako berriz, gogotsu dago Letamendi. Denboraldi oparoa egiteko desiratzen dago, eta oraindik ere zeresana eman dezakeela erakutsi nahi du. Senperen irabazle izan zen, Malagan 11. postuan amaitu zuen, eta Jerten berriz, 6. izan zen. Hautatzaile lanetan ere izango da.

AITZIBER IBARBIA: Selekzioko beteranoetako bat da zizurkildarra. Oraindik ez dio hasiera ofiziala eman denboraldiari, gaixotasun bat tarteko. Espainiako Kopaz gain, Munduko Kopako probak ere egin nahi ditu aurten.

JULEN MTZ. DE ESTIBARIZ: Indartsu ekin dio denboraldiari arabarrak. Espainiako Kopan jokatu dituen bi lasterketetan, aurrean ibili da, 5. Malagan eta 4. Jerten, eta sailkapen orokorrean bigarren postuan jarri da. Zegama-Aizkorrin jarrita dauka esperantza nagusia 2018rako.

MAYI MUJIKA: Debutaria da euskal selkzioan eta indartsu hasi du denboraldia urretxuarrak. Espainiako bi probak egin ditu, eta bertan lortutako sailkapenekin (6. Malagan eta 4. Jerten) bigarren kokatu da. Erregulartasuna da bere doairik garrantzitsuena. Ultra distantzian ere egingo du saiakera, eta Goierriko Bi Handitan eta Hiru Handitan egon nahi du.

AXIER ALONSO: Besteek baino beranduago ekin dio denboraldiari beste oñatiarrak. Martxoan, oraindik ere mendi eskiko Pierra Menta lasterketan ikusi genuen arren, espainiako Kpako bi lasterketetan parte hartzea lortu du. Goruntz joango da denborarekin. Hau ere debutaria da euskal selekzioan.

ASIER LARRUZEA: Urte hasierako sorpresa pozgarriena izaten ari da gueñestarra. Oso sasoi onean ekin dio 2018ko denboraldiari. Selekzioan debuta egin zuen Jerten, eta bigarren postuan sartzea lortu zuen Andreu Simon kataluniarraren atzetik. Askorentzat, datorren urteetako “Jokin Lizeaga berria” izan daiteke.

XABI MACIAS: Selekzioko gazteena da nafarra (22 urte). Azken urteetan hainbat lasterketa irabazi ondoren iritsi da euskal selekziora. Esperantza handia jarria dute hautatzaileek beregan. 23 urtez azpiko sailkapena irabazi zuen Jerten bere debutean, eta 7. izan zen sailkapen orokorrean.

ANDER IÑARRA: Lesio bat tarteko, ezin izan zuen Espainiako Kopako lehen lasterketa amaitu lezotarrak. Bigarren urtea du euskal selekzioan, eta skoren ustetan, hau izan daiteke bere urtea. Zegaman-Aizkorrin eta Munduko Kopako beste proba batzuetan bere maila erakusteko prest dago.