Egunerokotasunetik aldentzen: ezagutu zure inguruko mendiak eta paisaiak
Un artículo de Alberto Iñurrategi, alpinista y friend de Ternua, sobre paisajes y montes cerca de casa.
Covid-19ak hankaz gora jarri ditu gure bizimoduak, eta gure errutinak. Lau hormen itxituran, metro karratu gutxitan, galduta sentitu gara. Ohitura jakinei jarraitu zalea da giza espeziea ere: ohiko orduan jaiki, ohiko egunkaria irakurri, ohiko orduan kafea, ohiko lanaldia bete, ohiko bueltatxoa eman, afalaurrean ohiko garagardoa hartu, afaldu eta ohiko orduan ohera... Itxialdiak iraun duen bitartean ere etxean errutinak finkatzea oso garrantzitsua dela ohartarazi digute hainbat psikologok. Azken batean, gauden-gaudenean bertan goxo egiteko lau horma psikologikoren epeltasuna eta segurtasuna da errutina.
Mendizaleok eta eskalatzaileok ere sarri beti-betiko mendietan barna egiten ditugu txangoak, eta ohiko eskoletara jo ohi dugu eskalatzera. Nire kasuan, Araotz, Atauri, Etxauri, Valdegobia eta Atxarte bisitatzen ditut sarrien, eta Ogoño, Mugarra eta Apellaniz ere maiteak ditut. Hasieran ohiko bideetan beroketak egin, eta gero gure mailaren muga-mugako ohiko bideetan direnak eta ez direnak ematen ditugu normalean. Bide horietan itsu-itsuan ere egingo genituzke mugimendu guztiak. Ohikeriaz.
Euskaltzaindiaren hiztegiak errutinaren baliokidetzat jotzen du ohikeria. Eta nago, “keriak” halako aje txarreko ezaugarritzat hartzen direla gurean.
Aurreko asteotan, lehenengo aldiz Alkizan ibili naiz eskalatzen, eta bide batez lehen aldiz izan naiz Alkiza herrian. Birus honek etorri behar izan du hurbilekoa estiman hartzeko. Eta hartu dut beharrezko arnasa eta gozatu ederra! Bideen dotoreziagatik bezainbeste lerro berriak eskalatzeak sortzen duen poz erantsiagatik. Deskubrimenduaren plazeragatik. Ez dago urrutira joan beharrik norberarentzat bazter berriak deskubritzeko, begiak eta zentzumen guztiak asebetetzeko.
Errutinaren segurtasuna baino, zalantzaren eta arriskuak hartzearen sentimendu hori da erne mantentzen gaituena, biziarazten gaituena, gozamenik handienak ematen dizkiguna. Nora ote darama zidor horrek? Sasi artean galduko da agian, edo ustekabeko lekuren batera eramango gaitu menturaz… Galtzearen poderioz, hanka-barrenak lar artean urratuta ikasten dira bideak mendian. Eta bizitzan, gehituko nuke. Arriskuak hartu eta zalantzaz eta zailtasunez beteriko asmoak gainditzen ditugunean sentitzen dira emoziorik bizienak.
Andu Lertxundiri entzun nion aurrekoan, arriskatzeko adin politean dagoela, ohikotik atera eta bide literario berrietan menturatzeko gogoa duela. Seguru bide horrek ezusteko ederrak eskainiko dizkiola, eta, bide batez, irakurleoi ere eskainiko dizkigula.
Alkizan eskalatzen ibili naizen egunotan, nire artean pentsatu dut “hau duk hau parajea errepideko nahiz mendiko bizikletarako”. Etxetik bi pausora. Bertatik bertara, hurbilean. Eta paisaiaren ederrez begiak mozkortuta, eskalatu ondoren joan nintekeen Koldobika Jauregiren “Urmara” museora, edo Asteasura jaitsi eta Atxagaren mundu literarioan barna egin nezakeen txangoa “Muskerraren bidean”…. Edo Alkizako Ostatuan garagardo bat hartu ondoren joan gintezkeen Urruzola txakolindegian afari-merienda egitera. Edo Andazarratetik barna Oriora itsasoan bainu eder bat hartzera, edo…
Eta hurbiletik hurbilera mugitu beharrean gauden honetan zenbat horrelako gure inguruan. Txikian handia baita Euskal Herria. Konpas baten orratza gure erdigune geografikoan jarri, Andia mendilerroan hor nonbait, eta epizentro horretatik azken txokoraino gehienez 150 kilometro daude, baina zirkunferentzia horretan, mendi eta itsaso, oihan eta baso, elur eta basamortu, zer oparotasun. Eguneroko bizitzan, hiri handi bateko auto-ilaran pasa litekeen denbora-neurrian bizi gara. Eta zenbat zoko-bazter, hurbilean deskubritzeko. Zenbat konbinaketa garai eta momentu bakoitzari egokitzeko.
Hau guztia amaitzen denean, auskalo, lehengo errutinetara lerratuko gara agian, baina egoera honek ekarri beharko liguke onik ere, eta erakutsi beharko liguke, adibidez, naturak gogotik eskertu duela gure geldialdia, irakatsi beharko liguke finean gauza bakarra dela benetan inportantea: bizitza bera. Eta distantziak gordetzera ohitu garen honetan, zein garrantzitsua den besarkada bat edo bosteko bat, kontaktua, lagunarteko hizketaldi edo afari bat... Hurbiltasuna, azken batean. Ikusarazi beharko liguke geografia hurbil horretan mila txoko ezezagun ditugula galtzeko. Eta, ahal bada, tarteka behintzat, betiko errutinak hautsi eta paraje ezezagunetan barneratzearen gozamena probatu beharko genuke.
Gehiagotan etxe inguruan geratuko naizela uste dut.
Eta Alkiza eta Hernialdetik bide berriak esploratzen jarraituko dugu. Inguruak merezi du.