Bestelako gailurrak
Alberto Iñurrategik Baltistan Fundazioak Husheko ibarrean, Baltistaneko ipar-ekialdeko muturrean (Pakistanen), gazteak eskolatzerako eta emakumeen ahalduntzerako burutzen dituen proiektuez hitz egiten digu.
Bestelako gailurak
Mendia, gailurretik behera, ibar, bailara, erreka eta bestelako zainetan hedatzen da. Zain eta mendi-hegal horietan herriak daude eta herrietan jendea bizi da, jende menditar xumea gehienetan, larre motzean hazia. Menditar haiek gutxitan izaten dute gailurra helburu; aski izaten dute eguneroko bizitzako oinarrizko beharrak bete eta bizirautearekin. Aldiz, oinarrizko beharrak aseta ditugun mendebaldetarrok goragoko beharrak ase behar ditugu nonbait, eta horregatik dugu, menturaz, gorenera iristeko grina hori.
Mendizaleak, ordea, gorenera iristeko afanean, magaleko herrietan bizitzen ditu askotan unerik ederrenak, menditar haien umiltasunean ispilu bat aurkitzen du non begiratu, eta gorago beharrean, barrurago begiratzen ikasten du.
Gure aurretik, 1980ko hamarkadan, Kike de Pablo, Jose Luis Zuloaga, Alberto Posada, Juanjo San Sebastian, Jose Carlos Tamayo eta beste asko, Mazeno Peak, Chogolisa, Broad Peak eta beste hainbat menditara joan ziren, lokarriak estutzen hasi ziren Baltistango herrietako biztanleekin. Ibrahim, Rustan, Karim, Ali... eta beste hainbatekin. Baltistandar haietako asko lagun handiak ditugu, eta gizalegezkoa iruditu izan zaigu betidanik, lagundu izan digutenei laguntzea, benetako laguntza ematea, karitate merkean jausi gabe.
Baltistan Fundazioa. 17 urte Hushe ibarreko bizi-baldintzak hobetzen laguntzen
Baltistan Fundazioak 17 urte egin ditu Hushe ibarreko biztanleen bizi-baldintzak duintzeko bertako jendearekin elkarlanean. Eta ahalegin horretan emakumearen ahalduntzea eta gazteen hezkuntza izan du ardatzetako bat. Gaur egun, ibarreko 8 komunitateetan lehen hezkuntzako 10 eskola finantzatzen eta laguntzen ditugu teknikoki. Eskola horietan 1.450 haur ari dira ikasten eta erdiak baino gehiago neska dira. Neska horien eskolatze gastu guztiak Euskal Herriko partikularrek ordaintzen dituzte dohaintzen bitartez. Hala, neska horiek gutxieneko tresnak eskuratzen dituzte ahalduntzeko bidean, eta eskolan dauden bitartean, ez dute etxeko lanetan edo soroan jardun behar, lehen bezala.
Hezkuntzako beste etapetan ere, beka sistema bat finantzatzen du bigarren hezkuntzako eta unibertsitateko ikasleentzat, eta neskek eta mutilek aukera berak dituzte beka eskuratzeko. Bide berean, datozen bi urteetarako Fundazioaren erronka da bigarren hezkuntzako eta lanbide heziketako eskola bat eraikitzea, Husheko biztanleek eta, batez ere neskek, ikasketak ibarrean bertan egiten jarraitu ahal izan dezaten. Dagoeneko hasi gara zentroa eraikitzen, Gipuzkoako Aldundiaren babesarekin eta eta Maier konpainiaren laguntzarekin.
Urteotan eginiko lanaren bitartez, 6 Vocational Training Center (VTC) ere sortu ditugu, emakumeek elkartzeko, genero eta giza eskubideen inguruan formatzeko eta gaitasun profesionalak eskuratzeko gune bat izan dezaten. Lan horri esker, ehun bat emakumek hainbat mikroenpresa sortu dituzte, eta aurtengo udaberriak ibarreko emakumeen lehen elkartea ere eratu dute.
Bonoak nesken eskola gastuei aurre egiteko
Azaroaren 15ean bono kanpainari ekin dio Fundazioak, 50 euroren truke neska baten urteko eskola gastuari aurre egiteko. Hezkuntzarik gabe ez dago garapenik. Garapenik ezean berdintasunik ere ez.
Urteotako ibilian zerbait ikasi badugu da mendia ez dela kirol garaipen hutsetara mugatzen, askoz eremu zabalagoa dela, eta gailurra puntu altuena besterik ez dela; badirela gorago iristeko bideak, badirela beste gailur batzuk.